XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- David Otegi, jokalari eta klubaren lehendakari izana (88-02-20).

- Antonio Fernández de Gorostiza, fundatzailea, zuzendaritzakoa eta C.D. Touringeko lehen bazkide izandakoa (88-05-01).

C.D. TOURING PEÑA

Bada gure klubaren historian barrena oso esanguratsua den bitxitasuna. Entitatearen gizarte-giroan murgildurik, estatu osoko eremu zabalean parekorik ez duena Peña berezi bat dugu gure artean.

Kontu arrunta da oso hiriburuko talde nagusiak bere jarraitzaileen Peñak edukitzea, gehienetan probintziako hainbat herritan sortuak diren lagun-elkarteak izan ohi dira. Baina ez da ezagutzen alderantzizkorik. Horretan geurea da bakarra, eta gainera ohore handiko eredua klubarentzat, gure Peña Donostian kokatua baitago.

C.D. Touring izeneko Peña Donostiako Isabel II Hiribideko 7an dagoen Bar Pirineosen fundatu zen 1988ko Uztailaren 7an hain zuzen ere. Lehen ekimen hartako partaide izan ziren 1948-54 urte bitarteko epean C.D. Touringeko jokalari izandako Adrian Izagirre batetik, bestetik Julio Olaizola eta Ignazio Agirreburualde errenteriarrak eta hirukote horrekin batera betidanik jarraitzaile leial izandako Jesus Fernandez, Silvio Segura, Manuel Trujillo, Agustin Ibarguren eta Jabier Iturbe.

Aurreneko Zuzendaritza-Batzordearen osaeran Jesus Fernandez izan zen lehendakari, Julio Olaizola lehendakariorde eta Silvio Segura idazkari. Peñaren ikurra Klubaren ezkutuak, eta Donostiako eta Errenteriako armarriek osatzen dute.

Harreman hertsiak dituzte Klubeko Zuzendaritzarekin eta honen aldeko interesak babesten ahalegintzen dira, bereziki dirua biltzeko errifa-zozketak eta antzeko loteriak antolatuz.

Gaur egun, 22 bazkidek osatzen dute Peña hau eta beronen inguruan laurogei pertsona inguruko talde polita mugitzen da. 96-07-07ko Batzarra geroztik Julio Olaizola da Peñaren lehendakaria, lehendakariorde gisa Jesus Pascualek jarduten du eta Alberto Sanchez da idazkari-lanetan ari dena.

Peñaren barruan bizitasun handiz jarraitzen dira ekipoaren gorabehera guztiak eta klubarekiko atxikimenduzko giro atsegina sortzen da lagun-elkarte honen inguruan. Horren lekuko dira Roberto Pascual eta Ainhoa Fernandezen bezalako kasuak, taldea sortu zenean gaztetxoenak ziren baina gaur egun beraiek dira Peñaren bultzagilerik sendoenak.

Ezin aipatu gabe utzi hemen Alvecón S.L.ren aldetik eta Peñaren egoitza soziala: kokatua dagoen Bar Pirineoseko jabeen aldetik jasotzen duten laguntza estimagarria.